XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizentak ez du ordea izena ezkutatzen.

Hori bai, lehen lerroetan barkazioa eskatzen du ausardiarengatik.

Harrez gero, ia bi mende pasa dira eta gauzak ez daude zeuden lekuan.

Aldatu egin da egoera, baina ez behintzat, nik nahi bezain arin.

Lehen aldiz idazle-bileretara azaltzen nintzenean (hamar urte baino gehiago pasa dira) ez nuen barkaziorik eskatu behar bertako emakume bakarra izateagatik.

Baina ez dut sekula hainbeste gizonezko ospetsuren kuttuna izateko susmoak ematen zidan hotzikara superatu.

Obsesio bat da, konforme, baina ez nirea bakarrik.

Itxura desberdinez, George Sand-ek, Bronte ahizpek eta Bizentak arrisku berdina zuten: beraien lana ez zen sekula balore literario hutsen arauera irakurriko.

Emakumeak gara; beraz literaturaren barruan beste zenbait alorretan bezala ez gara pertsona normalak.

Noski, kuttun izate honek baditu alde tentagarriak: lekurik hoberenean esertzeko ahalmena duzu eta orain bertan, inolaz ere mezpretxatzen ez dudan moda baten eraginaz, agian edozein gizonezkok baino eragozpen gutxiagorekin argitaratu dugu emakumeok eta merezimendu eskasekin Euskaltzaindiak hitzaldi bat emateko aukera eskainiko dizu.

Bizenta ez da, noski, euskal letretako emakume bakarra.

Badago beste izen aipagarririk: Tene Mujika, Julene Azpeitia, Minaberri, Amaya Lasa.

Eta zahia nahiko zabal egiten bada, beste dozenatxo bat.

Kontu batean behintzat badugu euskal literaturan ari garen emakumeok Europako idazleekin paretasunik.

Emakume gutxi izatez aparte, ez dago gure artean Detxepareren, Lizardiren, Arestiren edo Saizarbitoriaren maila betetzen duenik.

Noski, gainerantzeko idazleek, idazle normal diren gizonezkoek betetzen ez duten bezala.

Arrarotasun mingarri honek ez digu kalidadez gehitzen.

Baina gure inguruko literatura guztietan emakume gutxi baldin badago, gurean are proportzio eskasagoan aurkitzen dugu.

Edozein irakurle setatsuk estadistikarik gabe ikus dezake hori.

Puntu honen azterketak merezi du ni baino ikertzaile sakonagorik.

Baina esplikazio oso eta bete bat ezik, kezka honek eman dizkidan pentsagaien harian topatu dut arrazoi zintzo pare bat.

Batetik, eta hitz ponposoegiak erabili gabe, badirudi Euskal Herrian emakumezkoak inguruko kulturatan baino garrantzi haundiago izan duela.

Bale, baina etxe barruan.

Eta agian horrexegatik gutxiago sentitu du gizarte osoan pertsona heldu baten eskubideak erreibindikatzeko premia.

Bestalde, Europa gehienean emakume idazleak gizartearen goi mailetatik atera dira, gizonezkoak baino gehiago.

Eta Euskal Herriko gizarte maila gorenak ez dira euskaltzaletasunaz destakatu.

Eta mende honen hasieraz ari baldin bagara, idazle gehienen giro hiritarraz mintzatzen bagara, aipatu beharra dago Euskal Herriko industrializazio motak ez diola emakumeari oso berandu arte lanik eskaini.